IRUGARREN EKITALDIA

(II. ZATIA)

 

      (Erriko enparantza. Alde batera Udal-etxea. Zokondoan Eliza nagusia. Beste etxeetan oi diran denda ta eskaratzak ager bitez. Bata Taberna izango da. Oiala jasotzerakoan, urrutira txistulari taldearen otsa entzungo da. «Alkate Soñua» jotzen ariko dira. Bertan txistulariak ez izan ezkero, «Columbia» gramofono etxeak joaldi ori diskoan badu).

 

 

I. AGERRALDIA

 

Joxepantoni ta Jonixio.

 

JOXEPANTONI: (Jonixio tabernatik atera arazten dualarik) Goizetik onela al ago? Obe ukan Meza nagusira joan baintz. Zurrutero alena ez bestena! Goizetik asita...

JONIXIO: Badakin... goizean on, arratsaldean on matsaren zumoa beti duk on. Zera... bertsotan baraurik ariko aiz. Ez den gutxi uste.

JOXEPANTONI: Zer esan bear duten etorri diran jende aundiak.

JONIXIO: Zer bada, jende aundi-mendiak ez al du edaten edo?

JOXEPANTONI: Personak bezela ta ez neurrik gabe. Ardotan ire idiak uretan aña edaten dek-eta. Lertuko aiz!

JONIXIO: Anima apartatuta.

JOXEPANTONI: Ez zekiat noiz zuzendu bear dekan.

JONIXIO: Bigartik asi bearko.

JOXEPANTONI: Beti arlote ez diru ta kuxidaderik gabe, ire idi zar oriekin. Nor izan baintzan onuzkero idi parea saldu ta auto-kamiona erosi uan. Ire burua bestelako itxuran arkituko uke. Txofer...

JONIXIO: Txofer?... Luzifer alatsu, naiago det itzai. Berriz ere automobilla kamiotik datorrela ikus dezadanean, erdi-erditik joango naun nere aberiekin. Arraiepola!

JOXEPANTONI: Bai jauna bai, obe uke automobilla erosi idiak saldurik. Ta naiko diru irabazi «Uxuanekoak» bezela.

JONIXIO: Aiek automobillean ibil ditezela nai badute. Nik ez diñat utziko nere idi parea ta akullua. Ta zortzi plaza arri aundia karraiatzen nere bikoari emongo dionik baldin bada, atera dedilla! Ez du paratuko ez apusturik! Au ere euskal jaia da bada.

JOXEPANTONI: I beti ire demarekin.

JONIXIO: I beti sermolari.

JOXEPANTONI: Onbearrez egiten diat anai.

JONIXIO: Entzungorra naun arreba.

JOXEPANTONI: (Bigunxeago) Jonixio, arratsaldean jaitako soñekoa ta ator garbia jantziko dituk noski.

JONIXIO: Bai, emakumea, besteak bezin garbi plazan agertuko naun.

JOXEPANTONI: Bertsotan, mutilla aiz i! txikitandik! Ea politen batzuek esaten dituken.

JONIXIO: Auskalo!, ez zekiñat nere lagunak nundik joko duten.

JOXEPANTONI: Ik, erriko alargunak zirikatu bear intuke.

JONIXIO: Arestian ez didan esan bada akullua uzteko?

JOXEPANTONI: Mingañarekin motell! Bertsoak ateriaz!

JONIXIO: Zer bada?

JOXEPANTONI: Ez al dakik? Doña Maria alarguna nere nagusiarekin ezkontzen ote dan edo...

JONIXIO: Ori ere badiñagu? Aditu bear dizkin bereak eta bat...

JOXEPANTONI: Bota ederrak! Alargunak pizti gaiztoak baidira.

JONIXIO: Neskazarrak ez ditun obeak bada.

JOXEPANTONI: Mutilzar lotsagabea! (Bijoaz)

 

 

II. AGERRALDIA

 

Garatzi ta Migel.

 

(Bata ertze batetik ta bestea bestetik datozelarik
itsumustuan bezela alkar arkitzen dute)
.

 

MIGEL: Zer zabiltza Garatzi?

GARATZI: Meza nagusitik nator ta etxe aldera. Ta zu?

MIGEL: Ni gaxo guziak ikusteagatik ezin joan izan naiz meza nagusira. Ta okerrena orain Iturrioz baserrirako deia izan dedala.

GARATZI: Tokitan dago. Gutxienez ordu beteko bidea.

MIGEL: Ortxe nunbait. Ta joan egin bear.

GARATZI: Zuentzat ez da jai egunik.

MIGEL: Ori esan. (Ixillunea) Ta, meza nagusi ederra aterako zan.

GARATZI: Ezin obea. Eliza oso apaña zegon, ederki kantatu dute ta jendea gañezka...

MIGEL: Neretzako tokia izango zan.

GARATZI: Joatea zenun.

MIGEL: Ta sermoia?

GARATZI: Ez nuen uste izango euskeraz ain egoki, ain biribil ta ain ederki gauzak esan zitezkenik.

MIGEL: Zerbaitegatik ekarri degu kanonigoa.

GARATZI: Gizon azkarra dala ezagun da.

MIGEL: «Muñagorri» (Ixillunea) Ta apaizak, zer koloretako kasulak zituzten?

GARATZI: (Arrituta) Oi! neroni ere ez naiz gogoratzen. A bai! berdea.

MIGEL: Muskerra... Ez det begizkoetan sinistatzen, alare, aspaldi alkarrekin ez genuen itzegiten eta... gaur...

GARATZI: Ez noski, berriz ere nigandik igesi baldin bazabiltza...

MIGEL: Ori ez da egia. Bestela ez giñake gauden bezela ariko...

GARATZI: Itsumustuan...

MIGEL: Baliteke (Irritsu) muskerraren begizkoa... izatea, beintzat egun alaia gaurkoa.

GARATZI: (Ben) Neretzat ez gañerako guzientzat. Badakizu...

MIGEL: Ez dakit ezer. Zu bakarrik ikusteak arritu nau. Onen goiz etxe aldera jaia utzita ta zure aitaren itzaldia entzun gabe. (Itun dagoala oarturik) Bañan arpegi eder ori oso goibel arkitzen dizut. Goibelaren ederra.

GARATZI: Eskerrik asko zure loriengatik bañan ez nago umorean.

MIGEL: Zer gertatzen zaizu bada?

GARATZI: Nere aita alargunarekin eskontzen dala.

MIGEL: Egitan?... zerbait banenkien bañan...

GARATZI: (Negar-antziz) Atzo aitak esan zidan ta bigar erri guziak jakingo du. (Ixillunea).

MIGEL: Lasatu zaite. Ez det uste onela jartzeko berria danik. Ezkontza ori zure aitaren onerako izango da. Ori naiko dezu, aitaren ona, ez al da onela?

GARATZI: Bai, bañan ezin astu det nere amatxo zana.

MIGEL: Oroitzea ongi dago, ez dezake ordea betirako bete, gizon baten bizia.

GARATZI: Gizona...

MIGEL: Ez da estuegia izan bear iñorentzat. Geiegi estutakoa lertu egiten baida. Onela mintzo banatzaizu pozkida pizkat ematearren da. Zure aitarekin asko eraman bear izan dezula badakit. Beti etxetik kanpora bazkari ta aparitan osasuna galtzen ibiltzea baño, obe du ezkontzea. Doña Maria andre ona da ta alabatzat artuko zaitu.

GARATZI: Ori ez!, nere ama ez. Ezin bizi izango naiz aitaren etxean.

MIGEL: Nun bada, bestela?

GARATZI: Ez dakit, emendik alde egingo det. (Ixillunea)

MIGEL: Garai bat irixten da gurasoen kabia aski izaten ez dana ta nik... (Lurrera begiraturik) nerea eskeintzen dizut maitasunez berotua...

GARATZI: Bai e? Txorin bat al naiz?

MIGEL: Ez, uso zuria zera.

GARATZI: Ea igesi joan zitzaizun, bada, uso auxe?

MIGEL: Sarea neukan gertu.

GARATZI: Ta, zauritua negoan arteraño itxoin dezu?... (Irritsu) Eiztari biotz gogorrekoa!

MIGEL: Zera... Biotza samurtzeraño itxoin det.

GARATZI: Egin al dituzu «bixita» guziak? Orain zure gaxoetzaz ez aztu.

MIGEL: Orain, zu ez gañerako guzia aztu zait...

GARATZI: Ez dedilla neregatik iñor geiago gaizkitu.

MIGEL: Ta zure aitaren naigabea, aztu al zaizu?

GARATZI: Zaude ixilik aitatu gabe, aztu bearko.

 

(Ostera, «Alkate Soñuaren» eresia entzun bedi
gero
ta bertago, ta batera,
su-zirien eztandak
ta jende taldearen otsa).

 

MIGEL: Emen ditugu! Ikaragarrizko jendeak dira!

GARATZI: Goazen, ez det nai ikusi gaitzaten. Itzegingo degu geroxeago. (Abituaz).

MIGEL: (Garatziri eskua artuaz) Gero arte orduan. Nun izango zera bazkal-onduan?

GARATZI: Baratzan.

MIGEL: Aurretik igaroko naiz. (Bijoaz)

 

 

III. AGERRALDIA

 

(Erri taldea ea iritxi da plazara. Gañean da; ezin bertago, txixtularien eresia, jendearen otsa ta istilluak. Alako batean taldea ager bedi alik ta ugariena. Amabia lenengo, iru txistulariak gero, dantzariek ere bai nai izan ezkero, ta ondoren erriko ziñegotziak. Sekretarioa, Alkatea, apaizen bat ta beste zenbait jaun. Gizon-andre ta jendeketa txea neska-mutillak inguruan. Astiro bañan gelditzeka igaro bezate agertokia ertz batetik bestera, udal etxeruntz ezkutaturik).

 

 

IV. AGERRALDIA

 

Alarguna, Joxepantoni ta Jonixio.

 

JOXEPANTONI: Neronek ere, jaia zerbait ikusi bear nuala-ta, kalera irten naiz sukaldea utzirik. Nagusia ez baidet etxean bazkaltzen.

ALARGUNA: Noski, ederki egin dezu. Zure nagusia, nola ez da juan agintarien artean?

JOXEPANTONI: «Levita» ta ginbail ederrik badu etxean bañan ez du bere burua agertu nai izaten.

JONIXIO: Ezkontzen danerako gorde naiko ditu!

ALARGUNA: (Parrez) Garaia du...

JOXEPANTONI: Gaizki bizi al da bada?

ALARGUNA: Ez, ez; gaur gañera pozik izango da orrenbeste jendekin.

JOXEPANTONI: Zer da au! ez nuen beñere errian beste orrenbeste ikusi.

JONIXIO: Bai nik, orain 25 urte idi apustua Mekoletaren aurka jokatu nuanean.

JOXEPANTONI: Ixilik ago! ez zegok aldeatzerik ere ta, nolako jendea!

JONIXIO: Ortan ez naiz sartzen. «Siquiera» orduko sasoia banu.

ALARGUNA: Badakit arratsaldean bertsoetan egitekoa zerala. Ea zure laguna ixil arazten dezun.

JONIXIO: Bai, andrea. Ixildu?... Ni ez banaute ixil arazten. «Kuirao» gero! Beori ere bertsotan ateratzeko esan didate-ta.

ALARGUNA: Ni?

JOXEPANTONI: (Larri) Ez dezaiola kasorik egin, nere anai alprojaren gauzak! (Izketa aldatuaz) Oso arin dabil Doña Maria, zain-tiratua sendatu zaiola ikusten det...

ALARGUNA: Bai, askozaz obeto daukat. Ez zait batere aunditzen. (Abituaz)

JOXEPANTONI: Nere erremedioa artuko zuan e?..

JONIXIO: Izango du erremedio oberik adiskidiak eman-da.

ALARGUNA: Zer?

JOXEPANTONI: (Amorruz) Emonio nabarmena! (Alargunari) Doña Maria ez bezaio jaramonik egin, edan egiten du-ta. Ni alkatea banintz, kartzelara.

ALARGUNA: Ez, ez, alkateari nik agintzen diot.

JONIXIO: (Joxepari) Sartu din ziri ederra. (Bijoaz)

 

 

V. AGERRALDIA

 

Maistra, Etxenagusia, Meltxor, Kaspar ta Baldaxar.

 

ETXENAGUSIA: (Sarturik) Egunari asiera ederra eman zaio. Bejuandizutela! jaiak ongi antolatzen iaioak zerate.

MELTXOR: Erriak erantzun ezkero erreza da.

BALDAXAR: Au ez da ezer arratsaldean etorriko dan ostearentzat. Ikusiko dezute jendearen emana!

KASPAR: Azelain ta Azkue euskaltzainak etorri dira ta Gotzai jauna ere bai.

MELTXOR: Euskal-Erriko gizonik jatorrenak bilduko dira gaur emen.

BALDAXAR: Iriberritarrak ta Gobernadorea ez gañerako guziak. (Parra egiñaz)

MAISTRA: (Etxenagusiari) Nola ez zera agintariekin batera joan? Ura da zure tokia. Diputado izana, buru-batzarrekoa ta... idazle apaitua zeran aldetik.

ETXENAGUSIA: Eskerrik asko losentxarengatik. Nere aundi-uzteak uskeriak ez balira izan. Orain naigo det zuekin, gazteekin biltzea. Ez banazute bialtzen beintzat.

MELTXOR: Buruzagitzat artzen zaitugu.

KASPAR: Ori, ori!

BALDAXAR: Zurekin aurrera joango gera. Jo ta kea!

ETXENAGUSIA: Gazteak astindu bear dituzute bazterrak, ta zorionez, Irizarrrera eta iritxi ziñaten, Irrizar...zaarra bai, erri koskorra, bizirik baño illagoa, ezin-ikusi ta zikoizkeriz betea. Emen, liburuen pakean, nere koldarkeria ezkutaturik bizi nintzan. Alako euskal asmo eder aiek laga bainituen. Oso beera jetxia nengon, ezkontzeko uztean ibilli naiz-ta.

MAISTRA: Emakumezkoak, ain gutxi al gera?

ETXENAGUSIA: Zu bezelakoak osatu egiten dute gizona. Orrelakorik bere garaiean arkitu ez duanak –nere gixa– obe du jarrai ezkongai...

BALDAXAR: (Kasparreri) Kaspar! eutsi akiok Juanitari beste iñork eraman ez dezan.

KASPAR: (Juanitari begiraturik). Ez diat eutzi bearrik. Alkarren artean badizkiagu ikusten ez diran lokarriak.

BALDAXAR: (Algara ta marru aundiak atereaz) Ori ere badegu! Au euskal-eguna ez ezik eztai-eguna ere badek...

 

(Parrak, esku-estutze ta agurrak).

 

ETXENAGUSIA: Zorionak...

MELTXOR: Ez diozute itzegiten uzten gure erakusleari. (Ixilduaz)

ETXENAGUSIA: Ezer gutxi geiago. Erri guzia suspertu ta poztu dezutela: alkate, apaiz, neska-mutil ta agure auxe. Zuekin noa. Irizar piztu dezute, goazen Iriberri piztutzera.

 

OIALA

 

AMAIA